Aiako Harritik Pasaiako badiara, Oarsoaldeko museoak bidelagun ditugula!

Arditurriko Bide Berdeak Oarsoaldea eskualdea zeharkatzen du alderik alde, Aiako Harrien mendi magalean aurkitzen den Arditurriko meatze gunetik, Pasaiako badiaraino. Antzina, meategiko tren zaharrak mea Arditurritik Pasaiako portura garraiatzeko erabiltzen zuen bidea jarraituta, Oiartzun ibaiaren ertzean.

Bide Berdea ardatz hartuta, Oarsoaldea eskualde osoa ezagutuko dugu, Arditurritik hasi eta itsasoraino heldu arte, bidelagun paregabe batzuekin: Oarsoaldeko museoak!

Oiartzun

Ibilbidea bidearen jatorritik hasiko dugu: Oiartzungo Arditurriko meategi ikusgarriak, Aiako Harria Parke Naturalean, erromatar garaitik ustiatuak izan dira, orain dela 2000 urte.

Hemen, bisita gidatu baten bidez, lurpeko galerietan zehar ibili ahal izango gara eta erromatar garaiko arrastoak zein ondorengo garaietakoak ezagutu ahal izango ditugu. Hemendik hasita, Bide Berdeak bailaran behera egiten du; baina bidean sorpresa gehiago daude gure zain: Arditurritik 3 km-tara Luberri dugu, geologiari buruzko museo interesgarria.

Bertan, gaur egun inguratzen gaituen paisaiaren erliebea nola eratu zen ikasi dezakegu eta baita mineral fluoreszenteen bilduma bitxi bat ikusi ere, besteak beste. Bertatik metro gutxitara, Soinuenean, herri musikaren txokoan, munduko bazter guztietako 400 musika tresna baino gehiagok osatzen duten bilduma aurkituko dugu, audio sistema bati esker entzun ahal izango duguna. Museo dotore eta original honek bisita merezi du, dudarik gabe.

Errenteria

Ibaian behera jarraituz, Bide Berdeak Errenteriara eramaten gaitu. Fanderia auzora iritsiko gara. Bertan dago auzoari izena ematen dion errota zaharra: Fanderiako errota- Ibaiaren Etxea. Hilabete bakoitzeko bigarren asteburuan bere mekanismoa eta errotarria martxan ikusi daiteke.

Bide Berdeak Errenteriako erdigunea zeharkatzen du. Baina jarraitu aurretik ezin dugu bere Erdi Aroko hirigune historikoa ezagutzeko aukera galdu. Hemen, XVII. Mendeko eraikin zaharberritu batean Jantziaren Zentroa aurkitzen da. Bertan, denboran zehar bidaia interesgarri bat egin eta janzkerak mendeetan zehar izan duen bilakaera ezagutu ahal izango dugu.

Errenterian Bide Berdea zenbait adarretan banatzen da. Bidegorri sareak Errenteria Donostiarekin lotzen du, baina guk gure bidea Lezorantz jarraituko dugu, Pasaiako badiara iristeko.

Lezo

Lezotik igaroko gara, eta bertan bere herrigune historiko ederra nahitaez bisitatu behar dugun zerbait da, arte handikoa baita. Bere plaza karratuaren ondoan dauden elementuei erreparatuz, balio arkitektoniko eta artistiko handiko gauzak topatuko ditugu bitxikeria bezala, Gurutze Santuaren basilikak, Europan dauden 3 Kristo bizargabeetako bat dauka.

LEZOKO IBILBIDE KULTURALA

Pasaia

Ibilbidea amaitzeko bidegorritik jarraituko dugu, Pasaiako badiako uretara iristeko. Bere bi herrigune historikoak, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro, bisitatzea ezinbestekoa da, lehenengotik bigarrenera joateko badia gurutzatzen duen txalupa hartuta. Pasai San Pedron bertan zain izango dugu MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa, bisitatu eta benetako marinel-esperientzia bizitzeko aukera emango digun atunontzi tradizional bat. Bertan gure marinelak nola bizi diren eta arrantza nola egiten duten ikasiko dugu.

Bide Berdeak egiten duen ibilbide honi amaiera emateko, Gipuzkoan museo bisitatuenetako bat ezagutzea proposatzen dizugu: Albaola Itsas Kultur Faktoria. Ontziola zahar honetan euskal itsas-historian zehar landu den erriberako arotzen tradizioa berreskuratu dute. Gaur egun, jendaurrean XVI. Mendeko baleontzi baten erreplika, San Juan galeoia, berreraikitzen ari dira.